jueves, 22 de noviembre de 2007

IKASLEA BERDINTASUNEAN HEZITA



Genero indarkeriaz hitz egiten dugun bakoitzean askori biolentzia etortzen zaie burura, baina ez da horrela. Genero indarkeria edonon dago, testuetan, komunikazioetan, batez ere telebistan, kalean, lagun arteko elkarrizketetan...eta noski hezkuntzan, askotan etxean dagoela ahaztu gabe, eta etxeetan umeak daude. Horrexegatik, berdintasunean oinarritutako hezkuntza bat behar da.

Genero indarkeria mota ororen prebentzioak berdintasunean oinarritutako hezkuntzarekin hasi behar du nahitaez. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunean oinarritutako hezkuntza eta familia dinamikek asko laguntzen dute indarkeriari aurre hartzen.

Gizonezkoek ikusiko balute beren bikotekidearen kontra indarkeriaz hertsatzeko aukerarik ez dutela, eta emakumeak gai izango balira beren eskubideak errespetarazteko, indarkeriak ez luke izateko arrazoirik. Garrantzizkoa da familiako balioak ideologia patriarkaletik aske gelditzea; era horretara, familiako kideek ezaugarri normal eta positibotzat hartuko lukete gatazka, eta ohartuko lirateke gatazka elkarrizketaren bitartez bidera daitekeela, eta ez dela nahitaez alderdietako bat inposatu behar. Familia harmoniatsuarekin amaitu behar da eredu honen atzean ezkutatzen baitira kontrol patriarkalean eta emakumezkoen oinperatzean oinarritutako milaka urteetako ohiturak.

Familiaz gainera, hezkuntzak garrantzizko beste bi eragile ditu: eskola eta komunikabideak. Berdintasunean oinarritutako heziketa sustatzeko neurriak hartu behar dira aukera berdintasunerako plangintzen baitan nahiz etxeko indarkeriaren aurkakoen baitan. Hori kontuan hartzen duten material didaktikoak sortu dira, eta baita irakasleak genero indarkeriaren kontra trebatzeko ikastaroak diseinatu ere. Esan beharra daukat, lan honetan, gobernuak parte hartu izan duela. Bestalde, hainbat neurri daude eskolan ematen den heziketaren osagarri: haurrentzako telebista saioetan berdintasunean eta tolerantzian oinarritutako ideiak helaraz daitezen zaintzea; estereotipo sexistak eta gogorrak desagerraraz daitezen, helduak trebatzeko ikastaro edo tailerrak antolatzea, horiekin saihestuko baita helduek beren seme-alabei rol patriarkalak helaraztea; arrisku taldeetako emakumeen trebetasunak eta baliabideak bultzatuko dituzten formazio programak.

Ikastetxeen ahaleginak familiako giroarekin eta komunikabideekin elkartzea da zailena. Haurrei ikastetxeetan denok tratu eta errespetu bera merezi dugula erakutsita ere, familian harreman eredu tradizionalak ikusten badituzte eta telebistak irudi eta balio patriarkalak igortzen baditu, oso zaila izango da genero berdintasunean oinarritutako sozializazioa.

Azkenik, esan beharra dago, aurretik aipatutako ideiei tinko jarraitu behar zaiela helburu honi heltzeko.

No hay comentarios: