martes, 5 de febrero de 2008

INGURUNEA ZAINTZEA DA GURE ARDURA,EZ SUNTSITZEA

AHT-rik EZ ETA KITTO!!


Hau ez da trenbide bat egiteko era, trena pasatzen den lekutik den-dena suntsitzea. Mendi bat dagoela, berdin da, suntzitu edota zulatu eta kitto, baserriak bidea ostopatzen dutela, edota etxebizitzaren bat, edo baso bat, berdin zaie, berdin zaie. Dirua besterik beraien buruetan, dirua eta dirua.

Zer nolako heziketa edukiko dute gure seme-alabek herri gris eta naturarik gabeko leku batean? naturari buruz zer ikasiko dute? suntsipena? norbaitek badaki zer nolako heziketa jasoko duten?

Gainera oso gutxik baietza ematen dute suntsipen honi, baietza ematen duten bakarrek proiektu hau prestatu zutenak dira. Adibide bat jartzeko: "AHTren alde zaude?" galderari erantzuteko Arabako Urbina herrian erreferemduma izan zuten. Errolda 115 herritar osatzen zuten, horietatik 108 izan ziren bozkatu zutenak. Hau izan zen emaitza: 108 EZ--- 0 BAI.

Hori demokrazia al da ala kapitalismo hutsa? Non dago herriaren hitza, non dago? norbaitek ba al daki?

Hortxe daukazue bideoa.




Hementxe daukazue objetiboki, zer nolako txikizioa den proiektu hau. Argia astekariatik hartuta.

Mikel Alvarez, AHTren Aurkako Asanbladako kidea: AHTrik ez! Txikizioa gelditu!

AHTren proiektua Euskal Herrian inon den adibiderik gogorrenetakoa da, garraio azpiegiturei dagokienean. Egitasmoa "H" handi baten itxura hartzen duen 460 km luzerako Abiadura Handiko trenbide sare batean gauzatzen da: Nafarroako Korridorea, "Euskal Y"a deritzon egitasmoa eta gaur egun geldirik dagoen Dax-Behobia zatia barne hartzen ditu sare horrek. Tartearen arabera bidaiariak 250-350 km/h gehienezko abiaduran eramateko eta aldi berean merkantziak garraiatzeko gai litzateke.

AHTren proiektua bi mailatan jartzen dugu auzitan. Batetik, ingurugiroari eragingo lizkiokeen kalte larrien mailan; baina bestetik, eta oso nabarmenki, gizarte ereduaren arloan nozituko genituzkeen ondorioen mailan ere bai. Izan ere, proiektu honek ingurugiroari eragindako kalte larriez gain, gizartean sekulako eragina luke. Honenbestez, AHT geldiaraztea bezain garrantzitsua da bere atzean gordetzen den gizarte proiektua erabat zalantzan jartzea. Lurralde ereduari gagozkiola, kasu, ikuskera guztiz kaltegarria dakar. Egin kontu, honela diote hitzez-hitz: "Euskal Megahiria: pentsa al dezakegu etorkizun aski hurbilean megahiri moduko Euskal Herri ætransregionalÆ batean? Hori da azken finean AHTren berezitasun eta ezaugarririk behinena edo erronka nagusia: elkarren artetik ehundaka kilometrotara dauden lurralde eta hiriak, baita lurralde transregionalak ere, megapoliak bihurtzeko aukera, jadanik Japonian gertatzen den bezala" (Euskal Herriko Arkitekto-Urbanisten Elkarteko lehendakaria). Beste ezein jarduketan ez dira honetan bezain nabariak lurraldea hiri-aglomerazio handietan erdiratzeko eta lurraldea hausnarketarik gabe hondatzeko joerak.

AHT bezalako azpiegitura-lan handietan naturaren mugak gainditzeko borondatea nabaria da; baina natura dominatzeko eta jendea dominatzeko borondatea elkarrekin ibiltzen dira usu. Hots, gizartean botere harremanak birsortzen dira eta, azken batean, daukanari gehiago eman eta ez daukanari gehiago kentzen dio garapen ereduaren adierazle biribila da. Beraz, AHT eta proiektu txikitzaileen eztabaidak gizarte ereduaren kritika zorrotz batera eramaten du, gaur egungo botere ekonomiko eta politikoaren eraketa menperatzailea, naturarekiko harreman bortxatzailea eta kapitalismoan nagusi diren balore desarrollistak auzitan jartzera, alegia. Zoroen kontua da mundu mailan hondamendi ekologikoa eta desoreka sozialak, ekonomikoak eta herrialdeen artekoak larriagotuta, aberastasuna gutxiengo baten eskuetan pilatzen duen egungo garapen ereduak aurrera jarrai dezakeela pentsatzea.

AHT Europan Merkatu Bakarra eta globalizazio ekonomikoa bultzatzeko abian jarri den azpiegitura plan erraldoi baten parte da. Gainera, 1998az geroztik, EAEko agintari ekonomikoek eta politikoek "Euskal Y"aren eginkizunetan merkantzien garraioari lehentasuna emateko erabakia hartu dute, Euskadi-Akitania "euroeskualdea" logistika eta garraio eremu handia sustatzeko. Horren ondorioa azpiegiturak are gehiago ugaltzea da ûAHT, superportuak, autopista lerro berriak, plataforma logistikoak...û. Lurralde hau Europako merkantzia-garraio fluxurik handienetakoak bilduko lituzkeen "korapiloa" izatera daramate: "Trenek, errepideek eta terminalek Euskadi kontinente mailako garraio plataforma handi bihurtuko dute", Jaurlaritzako Garraio sailburu Amann-en esanetan. Hartara, gure ingurunea suntsituko duten azpiegitura-lan andana batez "turbokapitalismoa"ren zabalkuntzarako plataforma izango gara. Eta gezurretan ari dira AHTren alde kamioi kopurua jaitsiko dela esaten dutenean, hautu horren barnean, nolanahi dela, errepide garraioak neurri handienean egingo duelako gora. Politika hori ez dator inondik inora garraio bolumenak mugatzera, areagotzera baizik, garraioen egungo joera erasokorrak handiagoak izan daitezen ekarrita.

Alde askotatik datoz lurraren aurkako erasoak eta desarrollismoaren eragin suntsitzaileak geroz eta nabarmenago ageri zaizkigu: AHT, Jaizkibelgo superportua, errauskailuak, autobide gehiago, lurraldea hausnarketarik gabe hondatzen duten hirigintza hedapenak... Horren aurrean dugun aukera eztabaida antidesarrollistari bultzada bat ematea da. Norabide diferente baten muina hurbiltasuna sortzea da, produkzioan, kontsumoan eta, orohar, antolaketa sozioekonomiko globalean, garraioa mugatzeko, herrien erabaki ahalmena eta autonomia bermatzeko eta inguramenarekiko oreka bilatzeko.

Aipagarria da azken urtean AHTren kontrako mugimenduan sortu den arazoa. Izan ere, 2004. urtean, erakunde batzuk plataforma berri bat sortzera bideratu dituzte euren ahaleginak, Tren Sozialerako Sarea deritzona. Gure iritziz, plataforma horrek hartutako bideak sakoneko aldaketa ekarri nahi dio AHTren kontrako herri mugimenduari, helburuetan eta ikuspegian: elkarrizketa instituzionalean oinarrituriko estrategia bat proposatzen du eta eztabaida "trenbide eredu"ra mugatu, gizarte ereduaren inguruan kontzientzia kritikoa lantzea trabatuz. Planteamendu horren arriskuez ohartaraztea eta herri mugimenduaren autonomiari eustea ezinbestekoa dela deritzogu, honek batik bat lurraren defentsan eta AHT egitasmoan salatzen diren desarrollismoaren eta inposaketaren arbuioan errotzen baitu ekintza. Alternatibarik inon bada, lehenik eta behin zerbait berria sortzeko eta gizartea eraldatzeko gaitasuna eskatzen du horrek, eta ez "beste tren" bat edo "AHTren eredu ofiziala" apur bat aldatzea. Soluzioek gizarte ereduan eraldaketa sakonak eskatzen dituzte.

Horrenbestez, jende guztiari deitzen diogu AHT gelditzeko nahiz desarrollismoaren ondorio ekologiko eta sozial bortitzak atzean uztea ahalbidetuko duen gizarte-bizitza orekatu eta aske bat sortzearen alde egiten ari den oposizioarekin bat egiteko. Hainbat herritan ari dira taldeak eratzen, ekiten, informatzen, salatzen eta mobilizatzen. Beraz, gai honen inguruan zer edo zer egiteko prest dauden jendeei borrokan era aktiboan parte hartzeko gonbitea egiten diegu.

Mapa batean txikizioaren nondik norkoak ikusi nahi badituzu joan behean daukazun helbidera:

http://www.tecnirail.com/imagenes/JUNIO%202006/Proyecto_mapa.jpg

No hay comentarios: